XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. JESUSEN ANTZERA, BEHAR NAUTENEN ONDOAN EGON NAHI DUT. Samariar onaren parabola (Lk 10,25-37). HELBURUAK.

Lagunurkoa maite izan gabe Jainkoa ezin dela maitatu aurkitzen saiatu. Haurrak aurki dezala, lagunurkoa ez dela nik aukeratzen dudana, horrela mesederen bat egin duelako eskerrona bilatuz; baizik eta behar nauten guztiak direla nire lagunurko, direnak direla: nire gustokoak ez badira ere.

GAIAREN AZALPENA, 1.- Giza esperientzia Elkarrizketa bidez: Sarritan, galdetzen zaizuenean: -Zer egin behar dugu Jesusen lagunak izateko?... erantzun ohi duzue: -Onak izan .

Baina, zer da onak izate hori?.

Une hauetan idei zaparrada egin daiteke.

Erantzun guztiak arbelean edo txartelean bildu.

Kristau argitasunaren unea datorrenean, bildu diren erantzunak kontutan hartzea komeni da.

Ondoren, katekistak jarraitzen du: Jesusen garaian, galdera bera egiten zuen jende askok.

Halako batetan, Legean oso jakintsua zen gizon batek galdera bera egin zion Jesusi.

Entzun dezagun orain, Jesusek eman zion erantzuna.

2.- Kristau argitasuna (Samariarraren parabola, ahots biziz irakurrita entzun daiteke, edota magnetofoiaz egindako grabaketa bidez).

Irakurri Lk 10,25-37. Aldi hartan, etorri zen legegizon bat, eta azpikeriaz esan zion Jesusi: - Maisu, zer egin behar dut nik, betiko bizia iristeko? Eta Hark esan zion: - Zer dago Legean idatzirik? Zer irakurtzen duzu han? Eta legegizonak: - Maita ezazu Jauna, zeure Jaungoikoa, bihotz-bihotzez, gogo-gogoz, zeure indar guztiz, eta zeure adimen osoz; eta zure lagunurkoa, zeure burua bezala.

Eta Jesusek erantzun zion: - Ondo esan duzu.

Egizu horrela, eta biziko zara.

Baina legelariak, bere burua zuritu nahiz, esan zion Jesusi: - Nor dut, ordea, nik nire lagunurkoa? Eta Jesusek orduan: - Gizon bat zetorren behin, Jerusalendik behera, Jerikora, eta lapurren eskuetan erori zen.

Lapurrek, erantzi eta zauritu ondoren, erdi-hila utzirik aldegin zuten.

Hain zuzen, apaiz bat zetorren bide hartan behera eta ikusi zuen, baina beste bide bazterretik aurrera jarraitu zuen.

Berdin egin zuen, han gertatu zen lebitar batek ere: ikusi, eta beste bide bazterretik aurrera jarraitu.

Handik zehar bidez zihoan samariar bat, ordea, hurreratu egin zen eta, hala ikusita, erruki izan zuen; eta hurbildurik, zauriak lotu zizkion, olioa eta ardoa gainera isuriz; eta bere abere gainean hartu eta ostatura eraman zuen, eta han zaindu.

Biharamunean bi denario atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: Zaindu ezazu, eta gehiago eralkitzen baduzu, neuk ordainduko dizut honerakoan.

Hiru horietan, nor deritzazu azaldu zela, lapurren eskuetan erori zen haren lagunurko? Legelariak erantzun zion: - Harentzat erruki izan zuena.

Eta Jesusek orduan: - Zoaz, eta egin zeuk ere beste horrenbeste .